ARTE HEZKUNTZA
Gaur egun, irudiaren kulturak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiek berebiziko garrantzia dute gizartean, eta elkarren osagarri dira. Gure kulturan, adierazpideek eta hedabideek ikus-elementu eta ikono ugari sortu eta zabaltzen dituzte. Horregatik, irudiak aztertzen eta ulertzen jakiteak lehen ez bezalako garrantzia du. Balio estetiko hutsetik prestakuntzaren beharrizanera igaro gara. Hala, arte-hezkuntza sendo eta koherentea lortzea ezinbesteko da pertsonaren garapen integralerako, lagungarri baita nortasun osoa eta orekatua eratzeko.
Ikuspegi horretatik, plastika-hezkuntza lagungarri izan behar zaie ikasleei, mezuak irakurtzeko, hartzaile gisa jokatzeko, kodeak identifikatzeko eta esanahiak interpretatzen hasteko, eta irudiekin zein ikonoekin moldatutako mezuak kritikoki aztertzeko. Irudia hautematea ez da soilik errealitatea islatzen duten elementuak ikustea; aitzitik, batez ere, komunikazio-ekintza da, eta, ekintza horretan, irudia hautematen duen pertsonak aldez aurreko esperientziak gogoratzen ditu, hipotesiak egin eta egiaztatzen ditu, eta galderak egin eta ebazten ditu.
Haurrek ikus-ingurua ondo ulertuko badute, hezkuntzan esku hartu beharra dago. Idazten ikasi aurretik, eta, areago, hitz egiten hasi baino lehen ere, haurrek inguru natural eta kulturaleko pertsonen eta gauzen marrazki eskematikoak egiten dituzte, berez-berez. Beren burua eta ingurua ulertzeko balio diete irudi horiek, eta adierazteko eta komunikatzeko ere baliagarri zaizkie.
HELBURUA
Arte arloak bi prozesu egiteko beharrezkoak diren oinarrizko gaitasunak garatu behar ditu. Hona hemen bi prozesu horiek: batetik, irudiak hautematea eta interpretatzea; bestetik, adierazpide plastikoen bitartez sentimenduak eta ideiak adieraztea eta komunikatzea.
Hauxe da Plastika eta Ikus-hezkuntzaren helburu orokorra: haurrek adieraztean blokeorik gabe eboluzionatzeko behar dituzten trebetasunak garatzea; hau da, marrazteko, pintatzeko, modelatzeko, eraikitzeko eta besterako trebetasunak lantzea…, adin bakoitzeko beharrizanen arabera eta ikasle bakoitzaren ezaugarriak kontuan izanik. Halaber, norberaren eta besteen kulturetako irudikapen-kodeak erakutsi nahi dizkie, balioesteko, gozatzeko eta parte hartzeko.
Irakaskuntzan erabilitako prozedurek arrakastaz erantzuten diete aniztasunari, kulturartekotasunari eta inguru hurbileko nahiz urruneko gaur egungo erronkei. Zalantzarik gabe, ikasleen parte-hartzea behar-beharrezkoa da arte-sentiberatasuna hezteko. Metodologia, proposamen eta irtenbide egokiak baliatuko ditugu, ikasleen sormena eta irudimena banaka zein taldeka lantzeko, balioesteko, pizteko eta garatzeko, eta, horrela, gero eta gehiago hurbilduko ditugu artera.
EKARPEN NAGUSIAK
Arlo honetan, alderdi hauekin zerikusia duten gaitasun asko garatzen dira: pertzepzioa, adierazpena eta komunikazioa, irizpide estetikoa, sormena eta beste. Gaitasun horiek guztiak ez dagozkio arte-mintzairari soilik, baina arlo honetan landuta, ikasleen garapen integrala sustatzen da.
ITURRIA: http://plastikarekinjolasten.blogspot.com
No hay comentarios:
Publicar un comentario